XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

INBIDO

Bakeari buruz...

Bakeari buruz abiatzen delarik, atseginekin ikusten da gauzak onerat doatzila bainan bakeari buruzko bidea ardurenean luzea bezen nekea izaiten da.

Frangotan lotsatzekoa ere baditake, ez delarik alta lotsatu behar...

Hori gertatzen da bazter guzietan.

Konparazione, Ekialde-Hurbilean.

Duela zenbait hilabete, iduri zuen bazela bake iraunkor baten mentura Palestinako aldean.

Azkenean, Israel eta hunen auzoek elgar hobeki hartuko zutela.

Israelen izan diren hauteskundeen ondotik, aroa kanbiatu da.

Zerua berriz estali, dena hedoi ilun.

Bibi gobernuburu berriak dio segurki bakea nahi duela bainan aintzineko gobernuak finkatu hitzarmenekin ez da hain ados.

Hitzarmen horiek berme konparazione, israeldar soldado eta poliza laster jalgi behar litazke Hebron hiritik.

Ez du iduri hortarik ari direla.

Gutien ustean, sukarra berriz jauzten ahal.

Geroa ez dago batere argi...

Bosnian ere, gerla gelditua bainan giroa biziki pisua izanki...

Kanpotik etorri soldado batzu hor egonen direno, ez da behar bada nahasmendu handirik izanen bainan soldado horiek ez dira alde bat hor geldituko...

Han gaindi dabiltzan guziek gauza bera erraiten dute, gauza guti aski litakeela auzia berriz sumintzeko.

Bestenaz ere orai hobeki jakinaren gainean duela urte bat edo hola nolako itsuskeria izigarriak izanak diren eskualde hortan...

Txetxenian gaindi

Goazen jauzi batez Txetxeniarat.

Han ere gerla eztitua zen.

Eztitze horrek iraun du Errusian bozak zituzten keinka hortan guzian.

Geroztik, gudukak berriz hasi dira eta nolakoak naski !

Lebed jeneralak errana zuen, dena espantu, ez zela gerla segitu behar, aski zela Txetxenia bere gisa uztea, erruso soldadoak handik kendurik.

Egoki zitzaion bozak ere muntatzea ikusteko hango jendeak egiazki bere gain nahi zuen ala ez.

Hola mintzo zen Lebed jenerala bera hautagai zelarik.

Ez da president alkirat hupatu bainan denen buru Eltsinen alde plantaturik aski kargu handia segurtatua dauka.

Eta orai zer dio ?

Errusiak ez duela barkatu behar Txetxenian, lurralde hori bere gain jartzeak ez duela makurrik baizik ekartzen ahal, beregaintasun horren aldekoak ez direla bazter nahasle batzu baizik, gaixtagin hutsak !

Alta, Irlanda Iparraldean ere gauzak egundainokotan makurtu dira.

Hor ere polliki abiatuak zirelarik bakeari buruz.

Penarekin aditzen dugu eta irakurtzen protestant eta katolikoek ez dutela elgar ikusten ahal !

Denak girixtinoak, hala diote segurik, bainan elgarren arteko herra hazten beren bihotzetan !

Zer zentzugabekeria hori ere...!

Funtsean, Euskal-Herrian berean ere zertan gira ?

Entzun ditazke segur bakearen aldeko dei suhar batzu.

Gero eta usuago orobat.

Bainan orainokoan ondorio guti.

Beti ikaran behar noiz nun zer gertatuko den holako giro nahasiarekin.

Alta, beldur hori bera ere kaltegarri delarik...

Noiz arte holako aro hitsa, bakearen urtxoa nehorat ezin airatu, hegalak moztuak balitu bezala ?

Muslaria